Lingua   

Gernika

Joseba Tapia
Lingua: Basco


Joseba Tapia


Milla ta bederatzireunetan
ogei ta amazazpia,
euskotarrentzat urte bellz illun,
triste ta negargarria,
auts biurturik utzi zutena
Gernika zoragarria,
eusko reliki maitatuenak
gordetzen zitun erria!

Apirilleko illarekin zan
ogei ta seigarrenean
aiñ juxtu ere peri eguna
astelen arratsaldean;
kale baserri millaka anai
gizatasun ederrean,
plaza inguruan arkitzen ziran
lengo oitura zarrean

Kanpantorreko ezkillak asi
ziran dinbili danbala,
goiko piztien motor burrunda
entzuna zan bereala;
emakume ta ume gaxoak
kurrixka zeriotela
eriotzari iges nairikan
nora jo etzekitela!

Bertsoz nork esan bonba txar aien
indar gaiztozko danbarra!
Osorik etzuten utzi beintzat
bizileku bat bakarra;
ta dana txetu zuten garaian
alde guzitik sugarra,
erru-gabeko gixaxoentzat
orra or azken ederra!

Bizi ziranak igesten zuten
sutegi zakar artatik
ta egazkiñak tiro ta tiro
eten gabe goietatik;
kristau gorputzak alde batetik
beso buruak bestetik,
odol gorrizko itxaso artan
etzan ikusten besterik.

Millatik gora izandu ziran
arnasa utzitakoak,
ez jakin zenbat txit zauriturik
eri gelditutakoak;
ta danetatik geien-geienak
andrezko ta umetxoak,
gerra txar ontan erru galantik
izango zuten gaxoak!

Puska dituzte mendi ta erri
apain eta maitekorrak
puska dituzte basetxe txuri
gure kabi on xamurrak,
ta zirtzildurik kaletan utzi
bai euskaldunen ezurrak
Alemanitik gu txikitzera
etorritako maltzurrak!

Basati gaizto odoltzaleak
atzerritikan ekartzen
tokirik zoragarrienari
txikituta su ematen;
auts egindako gure Gernika
antsika dago esaten
Franco ta bere laguntzalleak
zein biotz ona daukaten.

Ikusi zuten ainbat kristau on
odolustu zituztela
ikusi zuten berdin-gabeko
pekatua zeukatela;
ikusi zuten mundua kontra
jeikiko zitzaietela
eta orduan zabaldu zuten
gorriak egin zutela.

Ezta ez alperrikako izan
or ikusi dan odola
pentsa oraindik emaitz ederrak
ematekotan dagola;
eusko gogoa armez ta indarrez
ezin il leike iñola
Gernika erre ziguten baña
zutik daukagu arbola.



Pagina principale CCG

Segnalate eventuali errori nei testi o nei commenti a antiwarsongs@gmail.com




hosted by inventati.org